Ekainaren 23an Euskal Herria-Eslovakia partidura joateko deialdiak jarraitzen dute

FUTFEM SELECCIONES | viernes, 15 de junio de 2012
DV

Kirol, kultur eta euskalgintzako hainbat lagunek 'Hamaika gara' ekimenarekin bat egin zuten atzo, Euskal Herriko nesken futbol selekzioak bere historian jokatuko duen lehen nazioarteko neurketa ikustera joateko gonbita luzatuz gainera. Esloveniari egingo dio aurre Anoetan hilaren 23an, bihar zortzi, arratsaldeko 16:30ean.

Ekimenarekin bat egin duten hainbat lagunek agerraldia egin zuten atzo Anoetako estadioan. Ainhoa Bakero futbolari ohiak zera esan zuen: «Ekimenarekin bat egiten dugula adierazteko, batetik, eta herritarrek parte hartzera dei-tzeko, bestetik, etorri gara. Hemen bildu garenok bat egiten dugu ekimenaren filosofiarekin eta parekidetasunaren alde gaude. Euskal Herriko selekzioaren alde eta euskaraz bizi nahi dugu».

Realeko futbolari den Esti Aizpuruak irakurri zuen Jon Maia bertsolariak ekimena bultzatzeko idatzi duen manifestua. Honela dio, besteak beste: «Ekainaren 23an euskal selekzioak eta euskarak ez dute izango ezikusiarena egiten duten epailerik, ez jokoz kanpo utziko duten marrazainik, ez eta inork ikusten ez duen faltarik. Egun horretan, galdu ala irabazi, gu izango gara. Garen bezalakoak, jolasean, jokoan, erortzean, jaiki-tzean... selekzio bat, euskaraz».

Eta Euskal Herriaren eta Esloveniaren arteko neurketara joateko gonbitarekin amaitzen du Maiak bere idatzia: «Gure hizkun-tzaren geroa eta gure selekzioen onarpena dago jokoan eta ekainaren 23an Anoetako futbol zelaian etorkizuna irabaztera aterako gara beste behin ere. Denok batera, hamaika, milaka, euskaraz!».

Labaka, Aranburu, Alkiza, Tiko, Javier Expósito eta Manix Mandiola daude manifestuarekin bat egiten dutenen artean. Baita, besteak beste, Juan Mari Etxabe eta Ibon Urbieta arraunlariak, Naroa Agirre eta Mikel Odriozola atletak, Vilariño aita, semea eta alaba, Perurena harri-jasotzailea, Azurmendi aizkolaria, Olabarria, Zubeldia eta Astarloza txirrindulariak, Txomin Perurena karrerista eta zuzendari ohia, Barriola, Asier Olaizola, Peñagarikano eta Zeberio pilotariak...

Hilaren 23ko festa goizeko hamar eta erdietan hasiko da Porrotx pailazoa eta bere lagunekin. Arratsaldeko hiruetan kantaldia emango dute Anoetan bertan Anje Duhaldek, Alex Gatibuk eta Aiora Amaiurrek. Ondoren hasiko da futbol partida.